XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ONDORIOAK

Euskararen erabilerari dagokionez, honako hau izan daiteke ondoriorik garrantzitsuena: azken urte hauetan euskara hezkuntza-sisteman sartzearen ondorioz batik bat, asko hazi da elebidunen portzentaia Euskal Autonomi Elkartean.

Hazkunde hori lagunarteko euskararen erabileran antzematen hasi da dagoeneko, gero eta handiagoa baita euskaldunen dentsitatea lagunartean.

Familian, aldiz, ez da inolako hazkunderik antzematen euskararen erabileran, elebidun gazteenen gurasoak erdaldunak direlako oraindik.

Horrenbestez, aurreikuspenen arabera, datozen hamar urteetan elebidun-kopuruak nabarmen egingo du gora, baita lagunarteko euskararen erabilerak ere, azken kasu honetan neurri txikiagoan bada ere.

Aitzitik, ez dirudi familiaren barruan euskararen erabileran hazkunde handirik izango denik, euskara ikasi dutenek gurasoen etxea utzi eta euren familia sortzen dutenean hasiko baita adinaren eragina antzematen.

Hezkuntza-sistema euskalduntzeko politikari eutsiz gero eta, euskararen familia bidezko transmisioari eta gazteenen artean hiztun berriak irabazteari buruzko azken urteetako joerak berresten badira, harreman-sareetako hizkuntza-osaeran aldaketa handiak gertatuko dira.

Ondorioz, gazteen arteko euskararen erabileran hazkunde nabarmena gerta daiteke eta 20 urte barru gehiago hitz egingo litzateke euskaraz gazteenen etxeetan.

Nafarroan antzeko joerak ageri dira hezkuntza-sistemaren bilakaerari, familia bidezko transmisioari eta hiztunak galtzeari eta irabazteari dagokionez, besteak beste.

Hala eta guztiz ere, ezagutzaren hazkundeak ez du oraindik erabileraren hazkunderik eragin; alabaina, gazteenen artean, moteldu egin da azken urteotan erabileran gertatzen ari zen beherakada.

Izan ere, Nafarroan euskara berreskuratzeko prozesua Euskal Autonomi Elkartean baino txikiagoa da kuantitatiboki eta berantiarragoa denborari dagokionez.

Hala ere, azken urteetan antzeman diren joeren arabera, hemen ere euskararen erabilera hazi egingo dela esan daiteke.

Iparraldean bilakaera soziolinguistikoaren adierazle guztiek, familia bidezko transmisioak, galera-irabaziek, ezagutzaren bilakaerak eta familia zein gertuko komunitateko erabilerak, euskararen etengabeko galera moteldu beharrean, areagotu egingo dela adierazten dute.

Izan ere, adierazle horien arabera, euskara oso maila baxuetan dago hainbat esparrutan eta euskararen erabilera sustatzeko beharrezkoak diren neurriak premiaz hartzen ez badira, ezin izango da euskara gordetzeko edo bizirik iraunarazteko beharrezkoa den gutxieneko maila edo atalasea bermatu.